XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jaio eta handik gutxira nere beste bi anaiekin batera kaiola berri batera eraman ninduten.

Gela hartan hamabost bat kaiola bazen.

Egia ezan, pittin bat hegan hasi ginen orduko estu samar ibili ginen, baina besterik ez genuen ezagutzen, ikusten genituen beste txoriak ere horrelako bizilekutan zeuden, eta, beraz, hartara egokitu behar genuela uste genuen.

Bizimodu erosoa generaman.

Eta, halako batean, zu etorri zinen.

Kaiola polita zenuen!

Etxera eraman ninduzun lehen uneetan irrikitzen nengoen bizimodu berriak zer eskainiko zidan jakiteko.

Egokia iruditu zitzaidan kaiola oso.

Zurekin pozik bizi ahal izango nuela pentsatzen hasia nintzen.

Lehenengo gau hartan, ordea, bi ustekabe izan nituen jarraian.

Bata, zure etxean ni beste txoririk ez zegoela ikustea.

Jaio nintzenetik hainbat lagunekin bizitzen ohiturik nintzen honi, ezin jasana egiten zitzaidan bakardadea.

Bestea, eman zenidan janaria.

Ez nuen ezaguna, eta beldur eman zidan hura jateak.

Zureganako gorrotoa ere sentitzen hasi nintzen.

Ohera joan zinenean, ni ere loak hartu ninduen.